Ni neu

Joseba Lekuona Yaben

​Material bakoitzak bere mezua dauka eta, artista sortzailearen belarrirako, baita bere kantua ere.

                                                                                                           Frank Lloyd Wright

20 urte luze hargintza lanbidean egin dituen artisaua nauzue. Urte horietan era guztietako proiektuak egin izan ditut, bai eraikuntza alorrekoak, bai hezkuntza nahiz zahar-berritze lanak… beti ere teknika zaharrak eta jarrera artistikoak ikastea lehenetsiz. 2006tik aurrera, hartearekin, bakarkako bideari ekin diot, helburua jarrita esperimentazioan, dela formekin, dela materialekin eta erabilerekin.

Harriaren dardarizoak hunkituta inguratzen naiz proiektuetara. Olioa egiteko erabiltzen zen harrizko ontzi erraldoia zahar-berritzeko lanetik hasita, herriko plazan jartzeko eskulturekin segi, hilarrian ikurrak zizelkatu, lorategiko harresia egitea, zirrikitu bakoitzetik munduari antzemanez, eta zer esan marmol-harria gurituz sentitzen denaz, gure begien aurrean ikusten dugularik meharen bilakaera, harrobitik erreskatatuta, hartxintxa xumea izateko etorkizun ia seguruari izkin eginda.